Gaualdiaren hasierakoa George Balanchineren Rubies izan da. Izenburuari men eginez, gorriz jantzita eta distira handiz agertu dira piezako hamabost dantzariak —haietariko lau, gizonak—, puntetan, lerro frontalean, besoak altxaturik eta elkarren eskuak ukituz. Atzealdeko oihal beltzean laranja koloreko argi-lerro zuzenek konposizio konstruktibista bat eratu dute eta dantzarien mugimenduak ballet klasikoaren parametroetan geratu dira Stravinskiren Piano eta orkestrarako capriccio-ko lehen bi mugimenduetan. 

Alemaniako Ballet am Rhein konpainiak Drei Meister, Drei Werke (Hiru maisu, hiru lan) izeneko egitaraua ekarri du Bilboko Arriaga antzokira, eta harekin hiru maisulan ezagutzeko parada izan dugu.

Gaualdiaren hasierakoa George Balanchineren Rubies izan da. Izenburuari men eginez, gorriz jantzita eta distira handiz agertu dira piezako hamabost dantzariak —haietariko lau, gizonak—, puntetan, lerro frontalean, besoak altxaturik eta elkarren eskuak ukituz. Atzealdeko oihal beltzean laranja koloreko argi-lerro zuzenek konposizio konstruktibista bat eratu dute eta dantzarien mugimenduak ballet klasikoaren parametroetan geratu dira Stravinskiren Piano eta orkestrarako capriccio-ko lehen bi mugimenduetan. 

Hala ere, bigarren mugimenduan pantomima kutsuko xehetasun ia antzemanezinak joan dira tartekatzen noizean behin —zaldiz ibiltzearen imitazioetan, adibidez— eta hirugarren mugimenduan eztanda egin du garai hartako music hall-etako estilora hurbiltzeko nahia, emakumeen hanka erakustaldi sinkronizatuetan eta gizonen martxa atletikoetan, adibidez.

Bigarren pieza Hans van Manenen Visions fugitives izan da, eta Prokofieven izen bereko musikak lagundu du agerpen laburren segida aratz eta delikatua. Bide beretik, jakin beharra dago errusiar konpositoreak soilik pianorako sortu zuela suitea, eta orain entzun duguna Rudolf Barschairen hari-moldaketekin etorri dela. 

Zalantzarik gabe, Keso Dekkerren jantzien diseinu aurreratu eta fina ezin hobeto egokitu da dantzaren planteamendura, hiru gizonak eta hiru emakumeak gorputz osoko maillot estuekin agertu direlako, haietariko bakoitza bere kolorean egina eta den-denak marra diagonalekin hornituak. Suite bati dagokionez, gehienetan binakako agerpen dantzatu laburren segida izan da Van Manenen proposamena, ariketa estetiko betean, non gorputzen malgutasuna agerian geratu den, txantxa eszeniko ia antzemanezinekin hornitua dantzarien ezusteko agerpen eta taldekatzeen kontura.

Konpainiak amaierarako utzi du William Forsythe-ren Enemy in the Figure, jakitun izanik inpaktu handiko pieza dela eta ikusleen entusiasmoa piztuko zuela. Ohikoa duen bezala, Forsythe bera arduratu da jantziez, eszenografiaz eta argien diseinuaz, eta esan dezakegu haietan guztietan jo duela dianaren erdi-erdia Thom Willensen musikaren abstrakzio erritmikoa mugimenduaren diseinuaren ezinbesteko lagun zuela.

Egurrezko horma ondulatu batek presiditu du eszenaren erdia, eta urruneko txoko batean gertatu dira hasierako tarte dantzatuak, figura enigmatiko batek ezkerreko hormaren kontra eta ilunantzean jarduten zuelarik. Foku mugikor handi batekin argiztatu dira koadro asko eta asko, eta haren kable lodiarekin zein soka are lodiago batekin jolastu dira dantzariak koreografoak hain gustuko duen anabasa programatuan. 11 dantzari izan dira guztira, baina hamaika ziruditen erdiko hormatik agertzen eta desagertzean, orain zuriz jantzita, orain beltzez, orain biak konbinatuz. Hasierako foku bidaiariak eta bestelako argiek ezuste bizigarriak eman dizkigute dantzarien jauzi eta eboluzio ezinezkoekin eta haien itzalekin jolastuz, taula gainean denetarik gertatzen zen aldi berean, dena zen harrigarria, eta beste behin bisitatu dugu maisuaren unibertso beti ezin aurreikusizkoa.