Sortu Euskal Herriaren askapen nazionala eta soziala bultzatzeko borroka egiten duen alderdi-mugimendua da. Ezkerreko abertzaletasunaren 60 urteko borroka esperientzia eta kapitala biltzen dugu, etorkizuna eraikitzeko.

Euskal herritar orori proiektu politiko eta sozial bat dugu eskaintzeko: aldaketa politiko eta sozialaren aldeko desio eta borrokei bide ematen dien proiektu nazionala eta herritarra.

 

INDEPENDENTZIA

Euskal Estatua behar dugu euskal herritarron beharrak asetu eta herri gisa bizitzeko erabakiak subiranotasunez hartu ahal izateko.

SOZIALISMOA

Sozialismoa dugu ipar. Euskal Herriko langile eta herri sektoreen alde egingo duen euskal Errepublika dugu xede, guztientzat bizi baldintza duinak eta ongizatea bermatu ahal izateko.

FEMINISMOA

Sistema patriarkala gainditu eta harreman bidezko eta berdintasunezkoetan oinarritutako jendartea eraikitzeko egiten dugu borroka.

EUSKALDUNA

Euskara da Euskal Herriko hizkuntza eta euskararen berreskurapenaren alde lan egiten dugu. Sortuk euskaraz funtzionatzen du.

NAZIONALA

Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako herria da eta guzti horietan egiten du lan Sortuk.

BAKEA

Euskal Herriaren bakearen alde borroka egiten dugu, Espainiar eta Frantziar Estatuen aurka dugun gatazka luzea konpontzearen alde.

DEMOKRAZIA

Iraultza Demokratikoaren alde egiten dugu borroka. Herritarren hitza eta erabakia errespeta araziko duen aldaketa politikoaren alde.

IRAULTZAILEA

Haustura demokratikoan eta indar metaketan oinarritutako estrategia dugu. Sistema kapitalista eta patriarkatua gainditzeko borroka egiten dugu. Independentzia, sozialismoa, feminismoa.

BURUJABETZA

Gizarte eredu justua eta parekidea eraikitzeko, burujabetza behar dugu. Dena erabaki ahal izatea, dena aldatzeko.

HERRIGINTZA

Komunitarismoan, lankidetzan eta auzolanean oinarritutako kultura luzea dugu. Gizartearen beharrei erantzuten diegu herri ekimenak sustatuz, Euskal Errepublikaren alde.